2019(e)ko maiatzaren 26(a), igandea

2019-05-26 | Batzar Nagusiaren akta




ANTZERKI TALDEAREN BATZAR NAGUSIAREN AKTA
Danontzat Gaztetxea, 2019ko maiatzaren 24a



Bilerara etorriak

Estitxu, Diana, Ana L., Edu, Joseba, Josune, Adelaida, Jon Mikel, Jaio, Jesus, Jokin, Iñaki L., Beñat, Igone eta Alex.


Agurra eta hasiera

Batzar Nagusiari hasiera emanez, orain arteko batzorde antolatzaileak gaiorden hau proposatu du:
  1. Anton Garaiko ekimenaren batzorde antolatzaileak egiten duen balantzea.
  2. Orain arteko batzorde antolatzaileak egiten dotuen proposamenak.
  3. Gainerako partaideen ekarpenak eta iruzkinak. 
  4. Erabakiak. 



1. ANTON GARAIKO: BALANTZEA, BATZORDEAK EGINIK

Orain arteko batzorde antolatzaileak iazko proiektuaren balantzea egin du, honako puntuotan xehetuz:

Alderdi onak:
  • Aurreko proiektuan (Plasentzia 1577) baino jende gehiago guregana bildu izana.
  • Gazteak erakarri ahal izan dira eta gustura aritu dira Taldean.
  • Musikaren aldetik aberatsagoa eta landuagoa izan da.
  • Gorlizeko Abesbatzaren parte-hartzea.
  • Jantzien diseinurako arduraduna eta joskile taldea izan dira.
  • Eszenografia: taldea sortu da, eta beren-beregiko diseinuak egin dira agerraldi zenbaitetarako.
  • Ikuskizunaren maila, oro har, nabarmen goratu da.
  • Gorlizen ere antzeztu izana.
  • Euskeraz egindako prozesua eta euskeraz antzeztua izan da. Guretzat oso estimagarria.
  • Proiektuko taldean, parte-hartzaileen arteko batasuna, konplizitatea eta giro ona izan dugu, entseguen hasieratik antzezpenen ondoko ospakizunetara arte.

Alderdi ez hain onak, edo hobetu beharrekoak:
  • Antolatzaile gutxiegi, tamainako lana egiteko.
  • Antzezlan bat urtero-urtero taularatzea —bi emanaldi, gainera— zama bihur liteke (edo bihurtu da) eta higadura, nekea sortu.



2. BATZORDEAREN PROPOSAMENAK

Aurrera egiteko batzorde antolatzaileak ondoko proposamen hauek egiten ditu:
  • Zalantza barik, Antzerki Taldeak proiektu gehiago egitearen alde gaude batzordekoak, eta bai horretarako geure lana eta ahalegina egiteko prest ere.
  • Antzerki talde sendo, egonkor eta iraunkor bat sortzea, herriarentzat dakartzan onurak ikusita.
  • Lortu dugun mailari eutsi egin beharko genioke.
  • Urte birik behin egitea, ez urtero.
  • Jarraitzea prozesu guztia euskeraz egiten.
  • Talde eragile zabal bat egitea, ardurak eta lanak egokiago partekatzeko.
  • Epe bat ematea jendeak parte-hartzea bermatzeko.
  • Ekaina amaitu baino lehen Talde Eragile berriaren lehen bilera egin: Zuzendaritza Talde berri horrek hartuko ditu lehen erabakiak: barne antolamendua, lan-arduren banaketa, agenda, epeak, testua...

Batzorde antolatzaileren ustez, hauek dira banatu beharreko ARDURAK:
  • Zuzendaritza Artistikoa.
  • Zuzendaritza Musikala.
  • Testu arduraduna.
  • Barrurako komunikazioa.
  • Kanporako komunikazioa.
  • Harremanak Instituzioekin.
  • Diseinu grafikoa.
  • Diruzaintza.
  • Jantziak.
  • Atrezzoa.
  • Errejidoreak.
  • Argazkilaritza.



3. GAINERAKO PARTAIDEEN EKARPENAK ETA IRUZKINAK

Jarraian egindako iruzkinen zerrenda bat ematen da:
  • Estitxu: Aurreko obran pertsonaia femenino gutxi izan zen. Lan egiterakoan, balorazioak egiterakoan eta erabakiak hartzekoan profil desberdinak daude, adibidez hiru hauek: antzezlearena, antolatzailearena eta musikoarena.
  • Igone: Antzezpena egiteko data dela eta, irakaskuntzan ari den jendeari tentsioa sortzen dio. Kalean egiten den antzezpena izanik, eguraldiak eragina zuzena du eta leiho ziurrena maiatzetik urrira da. Maiatzak duen alde txarra da gazteak ezin erakar daitezkeela azterketa garaian daudelako.
  • Beñat: Asanblada berandu egin da. Orain arte, hiru aldiz jarraian, antzezpena urtero egin da. Produkzioaren maila jaitsi egin beharko litzateke. KEA elkartearen beharra edo komenientzia aipatzen da.
  • Iñaki L.: KEA elkartea zer den eta dituen helburuak azaltzen ditu.
  • Joseba: Entseguak ez ziren behar zen seriotasunarekin hartu. Ondorioz, antzezpenaren egunera heldutasun eta ziurtasun gabe heldu ginen. Gaurko asanbladatik abiatuta beste asanblada bat egitea komeniko litzateke. 
  • Josune: Proposamen bezala: "La partera de Gaminiz egin dezagun 2019an". Euskerara moldatzea litzateke lanik eskergena, eta gogarazten da 2017an antzeztu zenean entseguekin irailean hasi ginela, artean batere esperientziarik ez geneukala.



4. ERABAKIAK

Iritzi horiek entzun, eztabaidatu eta trukatu ondoren, gutxienezko erabaki hauetara iritsi gara:
  1. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 7etan, Gaztetxean, bilera bat egingo da Talde Eragile bat osatzeko. Bien bitartean, eta bilerara itxaron gabe, oraingo batzordeari jakinaraz dakioke Taldean lan egiteko gogoa; osterantzean, 21eko bileran bertan.
  2. Talde Eragileak hasierako aldian hartuko dituen erabakiak eta mamituko dituen proposamenak Batzar Orokor batean eztabaidatuko dira, irailean.
Beste barik, eta bertaratu diren guztiei eskerrak emanez, amaia eman zaio aurkezpen bilerari.

                                                     Plentzia, 2019ko maiatzaren 26an