akta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
akta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019(e)ko maiatzaren 26(a), igandea

2019-05-26 | Batzar Nagusiaren akta




ANTZERKI TALDEAREN BATZAR NAGUSIAREN AKTA
Danontzat Gaztetxea, 2019ko maiatzaren 24a



Bilerara etorriak

Estitxu, Diana, Ana L., Edu, Joseba, Josune, Adelaida, Jon Mikel, Jaio, Jesus, Jokin, Iñaki L., Beñat, Igone eta Alex.


Agurra eta hasiera

Batzar Nagusiari hasiera emanez, orain arteko batzorde antolatzaileak gaiorden hau proposatu du:
  1. Anton Garaiko ekimenaren batzorde antolatzaileak egiten duen balantzea.
  2. Orain arteko batzorde antolatzaileak egiten dotuen proposamenak.
  3. Gainerako partaideen ekarpenak eta iruzkinak. 
  4. Erabakiak. 



1. ANTON GARAIKO: BALANTZEA, BATZORDEAK EGINIK

Orain arteko batzorde antolatzaileak iazko proiektuaren balantzea egin du, honako puntuotan xehetuz:

Alderdi onak:
  • Aurreko proiektuan (Plasentzia 1577) baino jende gehiago guregana bildu izana.
  • Gazteak erakarri ahal izan dira eta gustura aritu dira Taldean.
  • Musikaren aldetik aberatsagoa eta landuagoa izan da.
  • Gorlizeko Abesbatzaren parte-hartzea.
  • Jantzien diseinurako arduraduna eta joskile taldea izan dira.
  • Eszenografia: taldea sortu da, eta beren-beregiko diseinuak egin dira agerraldi zenbaitetarako.
  • Ikuskizunaren maila, oro har, nabarmen goratu da.
  • Gorlizen ere antzeztu izana.
  • Euskeraz egindako prozesua eta euskeraz antzeztua izan da. Guretzat oso estimagarria.
  • Proiektuko taldean, parte-hartzaileen arteko batasuna, konplizitatea eta giro ona izan dugu, entseguen hasieratik antzezpenen ondoko ospakizunetara arte.

Alderdi ez hain onak, edo hobetu beharrekoak:
  • Antolatzaile gutxiegi, tamainako lana egiteko.
  • Antzezlan bat urtero-urtero taularatzea —bi emanaldi, gainera— zama bihur liteke (edo bihurtu da) eta higadura, nekea sortu.



2. BATZORDEAREN PROPOSAMENAK

Aurrera egiteko batzorde antolatzaileak ondoko proposamen hauek egiten ditu:
  • Zalantza barik, Antzerki Taldeak proiektu gehiago egitearen alde gaude batzordekoak, eta bai horretarako geure lana eta ahalegina egiteko prest ere.
  • Antzerki talde sendo, egonkor eta iraunkor bat sortzea, herriarentzat dakartzan onurak ikusita.
  • Lortu dugun mailari eutsi egin beharko genioke.
  • Urte birik behin egitea, ez urtero.
  • Jarraitzea prozesu guztia euskeraz egiten.
  • Talde eragile zabal bat egitea, ardurak eta lanak egokiago partekatzeko.
  • Epe bat ematea jendeak parte-hartzea bermatzeko.
  • Ekaina amaitu baino lehen Talde Eragile berriaren lehen bilera egin: Zuzendaritza Talde berri horrek hartuko ditu lehen erabakiak: barne antolamendua, lan-arduren banaketa, agenda, epeak, testua...

Batzorde antolatzaileren ustez, hauek dira banatu beharreko ARDURAK:
  • Zuzendaritza Artistikoa.
  • Zuzendaritza Musikala.
  • Testu arduraduna.
  • Barrurako komunikazioa.
  • Kanporako komunikazioa.
  • Harremanak Instituzioekin.
  • Diseinu grafikoa.
  • Diruzaintza.
  • Jantziak.
  • Atrezzoa.
  • Errejidoreak.
  • Argazkilaritza.



3. GAINERAKO PARTAIDEEN EKARPENAK ETA IRUZKINAK

Jarraian egindako iruzkinen zerrenda bat ematen da:
  • Estitxu: Aurreko obran pertsonaia femenino gutxi izan zen. Lan egiterakoan, balorazioak egiterakoan eta erabakiak hartzekoan profil desberdinak daude, adibidez hiru hauek: antzezlearena, antolatzailearena eta musikoarena.
  • Igone: Antzezpena egiteko data dela eta, irakaskuntzan ari den jendeari tentsioa sortzen dio. Kalean egiten den antzezpena izanik, eguraldiak eragina zuzena du eta leiho ziurrena maiatzetik urrira da. Maiatzak duen alde txarra da gazteak ezin erakar daitezkeela azterketa garaian daudelako.
  • Beñat: Asanblada berandu egin da. Orain arte, hiru aldiz jarraian, antzezpena urtero egin da. Produkzioaren maila jaitsi egin beharko litzateke. KEA elkartearen beharra edo komenientzia aipatzen da.
  • Iñaki L.: KEA elkartea zer den eta dituen helburuak azaltzen ditu.
  • Joseba: Entseguak ez ziren behar zen seriotasunarekin hartu. Ondorioz, antzezpenaren egunera heldutasun eta ziurtasun gabe heldu ginen. Gaurko asanbladatik abiatuta beste asanblada bat egitea komeniko litzateke. 
  • Josune: Proposamen bezala: "La partera de Gaminiz egin dezagun 2019an". Euskerara moldatzea litzateke lanik eskergena, eta gogarazten da 2017an antzeztu zenean entseguekin irailean hasi ginela, artean batere esperientziarik ez geneukala.



4. ERABAKIAK

Iritzi horiek entzun, eztabaidatu eta trukatu ondoren, gutxienezko erabaki hauetara iritsi gara:
  1. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 7etan, Gaztetxean, bilera bat egingo da Talde Eragile bat osatzeko. Bien bitartean, eta bilerara itxaron gabe, oraingo batzordeari jakinaraz dakioke Taldean lan egiteko gogoa; osterantzean, 21eko bileran bertan.
  2. Talde Eragileak hasierako aldian hartuko dituen erabakiak eta mamituko dituen proposamenak Batzar Orokor batean eztabaidatuko dira, irailean.
Beste barik, eta bertaratu diren guztiei eskerrak emanez, amaia eman zaio aurkezpen bilerari.

                                                     Plentzia, 2019ko maiatzaren 26an



2018(e)ko martxoaren 17(a), larunbata

2018-03-17 | Atzoko bileraren akta

ANTON GARAIKO antzezlan-proiektuaren aurkezpen bilera

2018ko martxoaren 16a, PIEn egina


Ongietorria emandakoan, proiektuaren bultzatzaileek bileran jarraitzekoa zen gai-ordena aipatu zuten, honako gidoi hau erakutsiz eta dokumentu hau erabiliz:

1. Ongietorria
2. Aurrekariak
3. Aurtengo obraren abiapuntua
4. Anton Garaiko antzezlanaren ezaugarriak
5. Arduradunak, ekoizpena eta laguntzaileak
6. Egutegia 
7. Parte hartzeko izen-ematea


AURREKARIAK

2017ko urrian Plentzian jokatu zen PLASENTZIA 1577 antzerki eta musika ikuskizunaren ardatz nagusiak azaldu dira, eta bai orduan izandako harrera onak eman zigun bultzada eta adorea aurten berriz ere antzeko proiektu batean sartzeko.


AURTENGO OBRAREN ABIAPUNTUA

Plentziako museoan zegoen fotograma batetik abiatuz, non Anton Garairen dokumentazioa zegoen, ikerkuntza lan bat egin da 1509. urtean izan zen auziko informazio guztia eskuratzeko. Jaio de la Puertari esker lortu da Bizkaiko Diputazioak dirulaguntza berezi bat ematea eskuizkribu luze hura oso-osorik transkribatu ahal izateko.

Lehen eskuko informazio hori izan da idazlea, Jokin de Pedro, nolabait inspiratu duena gorliztar pertsonaia haren gainean fikziozko historia bat sortzeko, baina sustrai historiko sendoak dituena. Idazleak argi utzi nahi izan du berak gerta zitekeenaren interpretazio bat egin duela.


ANTON GARAIKO OBRAREN EZAUGARRIAK

Historia eta fikzioa bat egiten diren antzezlana dugu, orain 500 urteko gizarte itsastarrera garamatzana. Musika ez da faltako aurten ere, nahiz eta eszenan askoz gutxiago kantatuko den; sarrerak eta trantsizioak garaiko doinuen bitartez girotuko dira, gure musikarien eta Lirain abesbatzaren bitartez, denak Iñaki Lagosen koordinazio eta zuzendaritzapean. Gure plazak erabiliko dira (Plentziakoa eta Gorlizekoa), nolabaiteko eszenatoki naturalak bezala. 

Herri antzerkiaren ezaugarriak azpimarratu dira: parte-hartze librea, irekia izatea, eta gehienbat gure herrian —herrietan, hobe— ditugun giza-baliabideak ustiatzea, inori aterik ixten ez bazaio ere.

Plentziako eta Gorlizeko udalen laguntza ere aipatu da. Horri esker emanaldi bi izango dira aurten; bestalde, ikuskizunak sortzen dituen gastuei aurre egiteko ezinbestekoa da diru-laguntza hori. Bi udalek jarrera baikor eta adeitsuz hartu dute gure proiektua, herri bientzat onuragarria izango delako ustean.

Euskera motari dagokionez, bizkaiera landu edo batu batez idatzia da, Uribekostako esamolde eta lexikoari txera berezia eginez.


ARDURADUNAK ETA LAGUNTZAILEAK

  • Ekoizpena: KEA kultur elkartea
  • Testua: Jokin de Pedro
  • Zuzendari artistikoa: Álex Ygartua
  • Musika zuzendaria: Iñaki Lagos
  • Komunikazio arduraduna: Jesus Romo
  • Eszenografia: Jesus Serrano
  • Jantziak: Gotzone Butron eta Esti Garaizar
  • Mugimendu eszenikoa: Zuria Bolaños
  • Testuen maketazioa: Jaio de la Puerta
  • Laguntzaileak: Gorliz eta Plentziako udalak

 EGUTEGIA

  • Aurkezpena jendaurrean: martxoaren 16an PIEn
  • Testu osoa blogean eskegi: martxoaren 17an
  • Izena emateko eta elenkoa osatzeko epea (oraindik zabalik)
  • Lehen entsegua testua duten aktoreekin: apirilaren 22an, igandez, goizeko 11:00etan Goñi Portalen:
    • Elenkoa osatu
    • Lehen testu-irakurketa egin
    • Entseguen datak finkatu
  • Udan entsegurik ez
  • Irailaren 9an entseguen jarraipena
  • Entsegu orokorra: urriaren 19an Plentzian
  • Lehen emanaldia: urriaren 20an, Plentziako eliz plazan
  • Bigarren emanaldia: urriaren 27an, Gorlizeko eliz plazan

IZEN-EMATEA

Iaz parte hartu zutenek ez dute berriro izenik eman behar; baja eman dezakete, hori bai. Berriek gure blog honetan eman dezakete izena, bertako formularioa betez:



 ETXEKOLANA

Amaitu aurretik guztiontzat etxekolan bat jarri genuen, galdera honi erantzuten dion etxeko lana: 2018ko proiektuan zure burua non kokatzen duzu? Aktore lanetan ibili nahi baduzu, obra ezaguna behar duzu jakiteko zer paper egokitzen zaizun. Obra eskuratzeko, zoaz glogeko Idazlana fitxara eta bertan aurkituko duzu testua, testuarekin batera erderazko sinopsiak idatzi ditugu ere zenbaitentzat lagungarriak izan daitezkeelakoan. Irudi honek adierazten dizu etxekolana egiteko baliabideak non dauden:


Beste barik, eta bertaratu diren guztiei eskerrak emanez, amaia eman zaio aurkezpen bilerari.


                                                     Plentzia, 2018ko martxoaren 17an